euskal gazteria aurrera

2007ko urtarrilaren 19an Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi erakunde terroristak direla ebatzi du eta 23 gazte 6 urteko espetxe zigorrera kondenatu ditu. Ebazpen horrekin independentziaren alde egiteko aukera itxi nahi izan dute, horren alde egiten duen oro kriminalizatuz. Eman zure atxikimendua jarraian dagoen manifestuari proiektu politiko oro gauzagarria izatearen alde.

Manifestua: castellano | français

Manifestua deskargatu: .pdf (463 Kb) | .odt (103 Kb) | .doc (192 Kb)

Manifestu honi atxikitutakoak

(Deialdietarako propaganda bitartekoak)

27 urtetan iraultzari lotutako gazte belaunaldien borroka tresna izan diren Jarrai, Haika eta Segi TERRORISTA deklaratu ditu espainiarren Auzitegi Gorenak. Gazte independentisten proiektu politikoa terrorista bihurtu dute eta hemendik aurrera disidentzia politikoan antolatzea eta borrokatzea 6-10 urteko espetxearekin zigortzen den delitua izango da, euskal gazteria eta herritarrak gatazkan bizitzera kondenatuz.

Baina 27 urte hauetako antolakuntza eta borrokarekin independentzia aldarrikatu soilik ez, menpekotasunik gabeko bizi eredu askatzaileetan hamaika proiektu errotu da herriz herri, auzoz auzo. 27 urte hauetan Euskal Herri berria eraikitzeko zutabeak ezartzen aritu da euskal gazteria borrokatuz eta antolatuz. 27 urte hauetan independentziaren aldarrikapena eta gauzapena askatasuna izan da, autogestioa, herri boterea, espazio askeak, burujabetza, errebeldia… eta borroka guzti horien bozgorailu bihurtu ziren iaz Etxarrin independentziaz eta independentzian bizitzea aldarrikatu zuten 20.000 gazteak.

Espainiar erreinuko Auzitegi Gorenak hautu politiko hori bihurtu du terrorista, Euskal Herrian sortzen ari den menpekotasunik gabeko udaberriaren loreak moztu nahi izan dituzte sententzia batekin, demokraziaren izenean, boterearen babespean. Euskal gazteriaren borrokarako grinak beldurturik, euskal gazteriaren borrokarako zilegitasunaren aurka jo dute. Baina gazte mugimendu indartsua errotu da zazpi lurralde hauetan, inoren bedeinkazio santurik gabe menpekotasun ororen aurka, zapalkuntza ororen aurka ekiten duen gazte mugimendua… eta gazteria horren aurka jo nahi izan dute eskubideak urratzeaz gain, eskubideen defentsan ekitea bera terrorista bilakatuz.

Menpekotasunik ez onartzea da Espainiako Auzitegi Gorena bezalako itxurazko epaitegiek terroristatzat jotzen dutena; errebeldia, borrokarako grina eta proiektu politiko baten aldarrikapenetik gauzapenera igarotzeko gai den gazteria. Gazteria horren eskubideak ari dira gaur kolpatzen; autogestioa, antolakuntza, borroka… hitz madarikatuak dira diruaren eta boterearen agindutara bizi direnentzat.

Beraz, testu honi atxikitzen garenok honakoa adierazten dugu:

  1. - Zigortu dituzten gazteei eta orohar gazte independentista guztiei gure babesa adierazten diegu eta Espainiako Auzitegi Gorenari bere ebazpenaren aurka gaudela adierazten diogu eta ez dugula halako astakirtenkeriarik onartuko.
  2. - Segiri gazte antolakuntzak 27 urte hauetako praktikarekin erakutsi duen izaera eta lan politikoa aitortzen diogu.
  3. - Aitorpen horretan oinarrituz aurrerantzean ere Segirekin orain arteko harreman politiko bera mantenduko dugu.
  4. - Gure konpromisoa plazaratzen dugu proiektu politiko ororen gauzapena ahalbidetuko duen eskenatokia sortzeko eta eskubide zibil eta politikoen defentsan aritzeko.

Testu honekiko atxikimendua adierazten dut
(maila pertsonalean)

Testu honekiko atxikimendua adierazten dugu
(kolektibo eta erakundeetarako)